EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Antropologiak, Etnologiak eta Hizkuntzalaritzak bat egiten duten tokian eguraldiari buruz mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko herri-gunea.

2009/11/08

Ez da Florida, ez.

video
Trumonada

Eguerdiko 12:45. Ogitara atera naiz lasai asko, euria ari zuela, baina gorrotorik gabe. Haize zakar eta bizia, aterkia piztu ezinik. Egin beharrekoak eginda, egunkariak eta ogia poltsaratu eta etxerantz abiatu naiz. Giro haizetsu eta umela, baina ez beldurtzeko modukoa. Halako batean, itzelezko tximista sumatu dut alderik alde, ortzi guztia argitu duena eta handik oso segundo gutxira, ia bertan, ihurtzuri burrunbatsua entzun dut, ikara batean ibili zaidana Ezuste galanta. Izu-ikaragarrizko trumonada hasi du, tirria bizian, zeharo tropikala. Arineketan egin eta etxeko arkupetan aterpetu naiz, izututa. Hala ere, beldurra gainditu nahian, segapotoa patrikatik atera eta betaurrekoen aurrean nuena grabatzen hasi naiz. Supituki, mobilak jo eta bideoa eten egin da. Telefonoaren beste aldean: "Non arraio zara"? Ondo zaude?" Ondo bai, baina izu-ikara-beldurturik. Gora Euskal Florida!!

2009/11/06

"Euria ari du oraindik, baina ez idolaz, atzo bezala...


... tenperaturak, dirudienez, behera egin du, itxi bedi, hortaz, leihoa, arrazoi osoz, gainera, etxeko giroa araztu baita barraren aldetik zetorren putz kemen emailearekin"
Hauxe duzue Jose Saramagoren "Lisboako Setioaren Historia"-ren pasartetxo bat, Jon Alonso idazleak itzulia. Idolaz berba interesatzen zaigu bereziki. Bakan-bakanetan agertzen da gaurko testuetan: "Une batean euria idolaz egiten hasi zuen. Ortzian barna zaldizkoak zetozen bata bestearen ondoan" idatzi zuen Antxon Gomezek "Ortzadar-Amuarrainak lapurtzen zituen igaraba" izeneko ipuinean, "Abere madarikatuak" liburuaren barruan.
Bitxia da idola hitza. Orain dela urte batzuk Claudio Izagirrek bildu zuen Oñatin: "Ídolas botaten dau: llueve fuerte. [...]; ídolas da edurra, euríxa: fuerte" cf. nota: "Idolaz significa mucho (Arricruz). Pero sólo se emplea hablando de la lluvia (Ladislao). Claudio de Beillotsaa dice que ídolia es golpe de agua o de cualquier otra cosa. La hija (Juana) sólo parece conocer la forma adverbial idolaz que indica una lluvia recia, en forma de golpes de agua. Lo mismo me han dicho otros del barrio").
Idolaz ere bada Antzuolako euskara elkartearen izena eta bertako ahozko ondarea sarean ipini du denon gozamenerako.

2009/11/05

Eramaitua


Behin korridorea irekita -Atlantikokoa, alegia- gaur, etengabeko zaparrada galant amaigabeek erasotzen digute erruki izpirik ere izan gabe. Horiek berbabide, arotiztegian ahaztuxea dugun hitz familia bat begi-bistaratu nahi nizueke: eramai-eramaitu-eramaitza. Familia ezinago eder eta dotore une honetan leihoan barrena dakusadana adierazteko: ez da giro, ez, hor kanpoan! Kontuz ibili! Orain dela gutxi Orotariko Euskal Hiztegia sarean paratu dutenez gero, berataz baliatuko gara delako familia gizartean aurkezteko:

eramai (V-gip, G-goi-to, AN-gip ap. A).

"Chubasco, temporal de agua o nieve o granizo" A. Izugarrizko eramai batek jotzen atzetik. Onaind EG 1956 (5-6), 106.

eramaitu (V-gip ap. Iz ArOñ; A).

1. "Tornarse el tiempo en tempestuoso (FSeg)" A. "Eurixai, edurrai erámaittu xao" Iz ArOñ. "Eramáiketan ekitten baxao, si prosigue lloviendo" Ib. Cf. eramai.

2. "Erámaittu xaot, le he reñido, reprendido" Iz ArOñ. "Goixan zana beian erámaittu (erámaiketia) nitxaan, atacar" Iz ArOñ.

3. (Sust.). "Erámaittu bat, una lluvia. v.gr. de días" Iz ArOñ. "Eramaittu gogorra, cuando cae mucha nieve o lluvia. Eramaittu txaarra, mala tempestad" Ib.

eramaitza. "(V, G), gran tormenta" A. Cf. eramai.

Erraz suma daitekeenez, Oñati aldekoak dira berba gehienak eta batzuetan Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait bazterretakoak ere bai. Horren harira behinola Pello Zabalak aipatutakoak agertuko ditugu:

"Eramaiketan ekiten baxao", "Goixan zana beian eramaittu nitxaan" (baina orain 'atacar' esan nahi denean ere bai, "eramaittu xaot", le he reñido). Baina, eurijasa eta erauntsien tankeran erabili ohi da, gaur berton ere, gehienbat: "eramaittu bat", egun batzutako erauntsialdia, edo "eramaittu gogorra", ekaitzaldi gaiztoa izan denean...

2009/11/04

Atlantiko aldeko ataria irekita

http://www.hotelranchodelmar.com/8/pasillo.jpg
Atlantikoko korridorea

Esan ohi da kanpoko atea ireki behar ez dugula, katuak ospa egingo badu ere. Beheragoko mapan erraz asko suma daitekeenez, atariko atea zabalik dagoelarik, katuak ospa ez, katu mordoa hurreratu eta sartuko zaigu etxe barrura. Izan ere, ipar-mendebaldeko egoera peto-petoa: antizikloia Atlantikoan goi samarrean kokatuta, Groenlandiatiko depresio depresiboak beraren eskuinaldetik lerratu egiten dira inongo oztopo eta eragozpenik gabe. Hemendik eta igandera arte, gutxienez, zenbat-gura bisita euritsu eta haizetsu izango ditugu, zein baino zein interesgarriagoa. Beraz, aro gozakaitza, aldi berean euria eta haizea bat egiten dituena. Gainera, itsasoan ez da giro izango, sagailoa -itsaskia- iragarrita baitago: olatu handi samarrak, zazpi metrorainokoak. Nor ausartuko ote da surf egitera?
http://www.wzkarten.de/pics/bracka.gif

2009/11/01

5. urtea, 500. posta, 5 zenbakia.

http://www.lacuevadetino.net/tarta-cumpleanos1.gif



Aroak dakarrena, aroak daroa. Ez gara atzo goizekoak, ez. Dagoeneko badira bost urte blog honetan lehenengo posta idatzi nuela; "Traganarrua euskal kostaldean", eta ekaitzak joan, ekaitzak etorri, une zehatz bateko amorrazioa -A ze nolakoak entzuten diren!- behingoan atsegin eta plazer handia bihurtuz joan da. Ez dut etsiko, ezta amore emango ere. Sarriago edo bakanago, baina arotitzak eta enparauak eguratseratzen jarraituko dut neure barne erauntsitsua baretzeko asmotan. Gaur, Etnometen bostgarren urteurrena izanda, aldez aurretik pentsaturiko 500. posta idaztea suertatu zait. Hori dela-eta, ezinbestez, 5 zenbakiaren eginkizuna etnometeorologiaren lexikoan jorratzea egokitu behar litzaiguke, halabeharrez. Horretan ez, baina ondoko alor batean erantzuna aurkitu dugu: 5 zenbakia zelan islatzen den herriko astronomian. Hortaz, baten batek bereak eta bost bota, eta besteri bost axola badio ere, horra hor, 5 zenbakiaren handitasun eta dotorezia, ortziari begira:


Orion eta Pleiadeak adierazteko:

BOST IZARRAK: L-Ainhoa. Azkue. Hiztegia.

BOSTOILLO: Bizkaiera / Gipuzkera / Goi-Nafarrera. Azkue. Hiztegia.

BOSTORTZ: B-Gernika. Azkue. Hiztegia.

BOST ESTRELLA: B-Mendata. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.

BOSTROLLO: G-Azkoitia, Asteasu. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.

BOST OLLO: G-Zestoa. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.

BOSTOILOAK: G-Oñati. Candido Izagirre. El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate.

Hartz Nagusia adierazteko:

BOST IZAR (Bost Ixer): B-Zeberio. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.

BOSTORTZ: Bizkaiera / Gipuzkera. Azkue. Hiztegia.

BOSTORRATZ: B-Bakio. Iñaki Gaminde. Bakio berbarik berba.

Ostadarra adierazteko:

BOST ARKU: A-Aramaio/ B-Gizaburuaga. / A-Aramaio. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.

2009/10/30

Urriaren azkenean, gaztaina etxean (499. posta)


Ustia itzazue azken ordu hauek, ze, herenegun genioen moduan, domekaz geroztik aldagoiak (mendebaldeko haize nazkantea euriarekin bat eginda) errukirik gabe erasango digu, erasan ere! Itsaso aldean ere denborale galanta sumatzen da eta (ipar)-mendebala izanda, hotz handirik antzematen ez delarik ere, hozberoak bere lehenengo osagairantz egingo du, hotzerantz inondik ere! Beraz, usu jazotzen den legez, San Simon eta San Judaren inguruko egunak erabakigarri baino erabakigarriagoak izan ohi dira aroaren joan-etorrian. Erraz asko igartzen didazue, ezta? Poz-pozik nago, bakeroetan ezin kabiturik, atzenean, behar bezalako eguraldia, urtaroari dagokiona. Laster batean gaztaina-saltzaileak kaleetan barrena gaztainak saltzen... udagoieneko giro peto-petoa!! Eta ez ahaztu: "Santu guztien bezperan dabilen haizea, urte guztian". Igandean egon adi ea nondik astintzen gaituen haizeak!!

http://i66.photobucket.com/albums/h270/valfria3/SV101555.jpg

2009/10/28

San Simon eta San Juda...?! (498. posta)

http://www.tradicioncatolica.com/images/santoral/1028-SAN-SIMON-Y-SAN-JUDAS.jpg

San Simon eta San Juda
joan zen uda, eta negua heldu da: (bis)
ez baletor hobe, bizi gara pobre
eremu latz honetan
ez gara hain onak benetan

Ez dugu zaldirik, ez gara zaldunak
ez dugu abererik, ez gara aberatsak
euskara guk dugu, gu gara euskaldunak
euskara guk dugu, gu gara euskaldunak...

Antzinako euskaldunaren adimen-begiaren ustez, gaur zen negua hastekoa. Zenbat gradu eta, ordu honetan (17:50) 25ºC izan behar! Gaur ez, baina, badirudi hurrengo egunetan neguak bere hegaltxoa astintzeari ekin nahi diola. Kokote, lepo eta abarretaraino gaudenez gero, egunero, ia orduoro, jarduten dut aroaren iragarpenei erreparatu eta erreparatu, eguraldi aldaketa noiz demontre izango. Aizue, goizak eder askoak dira, epelak eta argitsuak, baina eguerdi-arratsaldeak ito samarrak, ezta? Egunok esanguratsuak dira oso aro kontuetan: udagoienaren erdialdea hur-hur dago eta gure arbasoek egiaztatu zutenaren arabera, aldaketa-egunak izan ohi dira, horregatik, ziurrekin, gure santuoi loturiko atsotitzak. Gogora ditzagun:

San Simon da eta San Judas, uda joan eta negua heldu da.
San Simon eta Judaetan, ontziak ankoraetan.
San Simon eta Juda zerekin, San Martin harekin.


Bigarrenaren "ankora" berba aingura da, beraz, itxuraz, sasoi honetan ontziak aingura botata egoten dira. Agian, aro makurragatik, edo. Nik horrela ulertzen dut, zuek? Azkenengoari dagokionez, ikusiko dugu betetzen denetz. Horrela bada, San Martinetan egun zorabiagarri eta erogarria.

http://weather.unisys.com/gfsx/9panel/gfsx_850_9panel_eur.gif

Iragarpen horren arabera, aroa egunean baino egunean gaiztoagoa.


 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------