EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2008/10/06

Urria eta elurra

http://www.eitb24.com/archivos/imagenes/eitb24/sociedad/2007/12/11/Elurra-Belagua-EFE-2007121107501603hg2.jpg

Joandako ostiralean, urriak 3, 1.400 metrotik gora elurra jardun omen zuen euskal mendietan. Goiztxo ematen badu ere, nik neuk irailik gogoratzen dut Gorbeian ordurako elurra izana. Hango garaiak! Azken urteok hain hego haizetsuak izan dira, ze guztiz ahazturik daukagu Atlantiko aldetikoek erasotzen digutenean dagoeneko giroak nabarmen behera egiten duela. Hortaz, ez da batere aparta jazorikoa, ez horixe! Elurra elur, asteburuan gure "laguntxoa" azaldu ez zaigu, ba! Bai, irakurle, bete-betean asmatu duzu! Hego haizea! Atzo, benetan, ez zen giro eguzkitan! Hura beroa! Baina, itzul gaitezen ostiralekora. Urria eta elurra estekatzen dituzten zenbait arotitz ditugula-eta, ikus dezagun zer dioskuten:

"Urriko edurra, zortzi ilebeteko edurra"
"Urriko elurra, zortzi / zazpi hilabeteko elurra"
"Urriko elurra, bost illabeteko elurra"

Lehenengo sorta horretan, urrian elurra eginez gero, hurrengo bost, zazpi edo zortzi hilabeteetan egingo omen du. Beraz, otsail, apiril edo maiatzera arte iraun lezake. Aileza iraun! Seinale ona izan liteke.

Ildo beretsuko beste arotitz bat:

"Urriko ilberrian elurra zuritzen badu, ondo(r)engo zazpi hilberrietan seguru zurituko du"

Urriko ilberria 28an da, beraz, adi eta erne egon beharko dugu; batetik, ea elurra den eta bestetik, ea hurrengo ilberrietan ekiten dion. Amaitzeko, azken honi loturik ezagun-ezaguna dugun beste bat:

"Urriko ilberrin, elurra Aizkorrin"

Horrek segurutzat jotzen du Aizkorrin elurra egingo duelakoa, -eh, Pello!- beraz, hilabetea elurretan hasi badugu, zergatik ez ote dugu era berean amaituko? Ailedi izan!


Hona hemen Pello Zabalaren blogean egindako hausnarketa.





3 Comments:

  • At 21:24, Anonymous Anonimoa said…

    Bai intersgarriak zure hitzak, Kepa. Fitxerora!
    (Argazkia bonboiak gordetzeko kutxa batena dirudi -barreak-) ;)

     
  • At 22:31, Blogger Kepa Diegez said…

    Arranopola! Nola asmatu duzu?

     
  • At 09:16, Anonymous Anonimoa said…

    Zuk oparitu zenizkidan 'ta! Gogoratzen? ;p
    (Egia esan, antz gehiago du marrazki batekin, ibiltariren batek bere koadernoan dibujaturiko zuri beltzezko paisaiarekin, adibidez.)

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------