EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/06/12

Urdin izar I

“http://www.planetariodebogota.gov.co/imagenes/planetas_ninas/Orion.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
Orion konstelazioa eta Rigel izarra

Azken egunotan bazter guztiak inarrosten ari dira Gasteiz ondoko Iruña Veleian aurkituriko euskarazko inskripzioak. Harrigarria bezain hunkigarria, benetan! Ricardo Gomez blogean - FiloBlogia- aurkikuntzaren berri duzue luze eta zabal, zuhur eta ausart. EtnoMet-EtnoAroa blog honi dagokionez, ni neu ikasketaz filologoa naizen arren, gaiak bete-betean eragiten ez badio ere, interesgarri deritzot agerturiko inskripzioen artean "urdin izar" delakoa komentatzeari. Izan ere, ez dagokio etno-meteorologiari, baina bai ortziari eta naturari edo nahiago izanez gero, "etno-astronomia"-ri. Batek baino gehiagok dagoneko erdarazko itzulpena egin du, "estrella azul"... Arriskutsua oso. Hain aspaldiko inskripzioa izanda -ordukoxea baldin bada, kontuz!- alde batetik, aztertzekoa da hitzen hurrenkera eta bestetik, urdin-en esanahia. Hizkuntzen tipologian adituak zaretenok badakizue SOV (Subjektua, Objektua, Verboa) hizkuntzek joera bide dutela posposiziodunak izateko eta SVO hizkuntzek preposiziodunak. Lehenengoek ADJEKTIBOA+IZENA ordena erabili nahiago bide dute eta bigarrenek IZENA+ADJEKTIBOA, salbuespenak salbuespen edo nolabaiteko bilakaeraren ondorioz. (Barka iezadazue ez dagokidan gaiari ekiten badiot, baina azaldu beharrean nago, apal-apal eta barkatu gaizki esandakoak ere). Euskararen kasuan, SOV izanda, badirudi ADJ+IZ hurrenkera izan behar litzatekeela, baina, ez, ez da, kontrakoa da. Beraz, egia bada "urdin izar" agertzen dela, ordenaren aldaketaren bilakaera izan liteke eta horrek frogatuko luke SOV hizkuntzei buruz aipatzen direnak. Adibidez, ingelesak gaur egun SVO izanda gorde du ADJ+IZ ordena, antzinako SOV-ren aztarna izan daitekeena. Bigarren kontua, "urdin" berbaren esanahia da. Badakigu "azul/bleu" bakar-bakarrik ez dena edo toki batzuetan, behintzat ez duela kolore hori izendatzen. Adibidez, bizkaieraz, "urdin" grisa da eta ez "azul/bleu". Gainera hor ditugu, "ileurdin" eta abar. Hortaz, kontuz itzulpenekin! Nolanahi ere, eta argi urdin apur bat ematearren, Azkueren hiztegia -garbizalekeria gorabehera- ondo baino hobeto ezagutzea komani da, oraindik gaur egun ukaezinezko jakinduria-iturria baita. Nik neuk, etno-meteorologiari dagokionez, goitik behera aztertuta daukat eta hara non beste "urdin" bat azaldu zaigun, "gaurdina" Duela urte eta erdi eman genuen beraren berri eta ez dakit kasualitatea ote den baina "izarrez beteriko gaua" esan nahi du eta gainera Araban erabiltzen omen zen, baita Durangon eta Itziarren ere. Beraz, zer ote da "urdin izar" delakoa? Ba ote dago "urdin izarrik"? Bai, "Rigel" da. Orion konstelazioaren ezker oina adierazten duen izar urdina edo azula da. Betelgeuseren antzera, "Alfa Orionis" deritzona, Rigel ere supererraldoia da, "Beta Orionis" deitutakoa. Euskaldunek ezagutzen ote zuten antzina Orion konstelazioa? Seguru baietz. Bihar honi buruzko bigarren atala argitaratuko dugu.





2 Comments:

  • At 16:07, Anonymous Anonimoa said…

    Interesgarria!

     
  • At 23:37, Blogger Erramun Gerrikagoitia said…

    Ni zain nago biharkoa ere irakurtzeko, zein izango dateke gaurkoa bezain interesantea behintzat.

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------