EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/06/19

Aro sobernatsua

“http://img54.photobucket.com/albums/v165/abaixodecao-1-04/ondacoubertgr.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
"La mer orageuse". Gustave Courbet (1819-1877)

Ohi bezala, ostiralak ez zigun hutsegin, ez, eta han-hemenka izan bazen ere, nola edo hala ekaitzerako joera izan zen Euskal Herriko bazter askotan, bereziki Hondarribia aldean, ezta? Beroa metatuz joan izan da eta azkenean nora edo hara lehertu behar izan du, bai horixe! Ordu batzuetan idatzi barik egon naiz eta arratsaldeko 16.30ak direla, ekaitz ezin ederragoa Bilbo aldean, euri goian behean! Hau poza! Kalean kasik umeen antzera ibili naiz, plista-plasta potxingoetan... Siku neukan burmuina, alajainkoa! Egunokaz erasan digun aro mota honi iriztekotan, egoki samarra iruditu zait Duvoisinek dakarren berba bat: zophernatsu. Hori ez, baina "soberna" hitza agertzen da hiztegietan. Elhuyar eta 3000 Hiztegiek zera dakarte, "lluvia torrencial, inundación", hau da, "euri-jasa" edo "uholdea"; Hiztegi Batuak ez dakar eta Harluxet Hiztegiak "Galerna, ekaitza". Badirudi Duvoisinek zentzu horretan erabiltzen zuela, "ekaiztsua". Soberna hitzaren jatorriari dagokionez, latinetik ote datorren susmoa dago. Izan ere, Santiago Segura eta Juan M. Etxebarria irakasleek beren liburuan "Latinetik euskarara" honako hau agertzen dute: supernus, -a -um, situado sobre; elevado, superior. soberna, zopherna BN., tempestad, temporal. Beraz, ez dago dudarik euskararen izaera "zurrupatzaile" eta malguari buruz. Zenbat-nahi hitz egin ditu bere, mendeak joan, mendeak etorri.


3 Comments:

  • At 11:22, Anonymous Anonimoa said…

    Aupa jendeok!
    Sobernatsu horren ahaidea gure alderdietan ere entzun ohi zen, baina zoperna-zopernaka eta antzekoekin, eta batez ere zopa-zopa, zopatu eta enparauekin. Euri asko eta erruz kolpeka egitearekin lotuta gehienbat.
    Hemen, Arantzazu eta Araotz-Oñati inguru hauetan badugu beste hitz dotore bat: eramai, eramaitu, eramaitsu eta bere ahaide guztiak. Kandido Izagirrek bildu hiztegian ageri dira, eta Orotarikoak ere bildu ditu. Oso esaera adierazgarriak tartean: "Eurixai, edurrai eramaittu xao", "Eramaiketan ekiten baxao", "Goixan zana beian eramaittu nitxaan" (baina orain 'atacar' esan nahi denean ere bai, "eramaittu xaot", le he reñido). Baina, eurijasa eta erauntsien tankeran erabili ohi da, gaur berton ere, gehienbat: "eramaittu bat", egun batzutako erauntsialdia, edo "eramaittu gogorra", ekaitzaldi gaiztoa izan denean...
    Balioko dik, Kepa, gure txoko honetako hitzen eramaituak... ezta?
    pellozabala

     
  • At 12:57, Blogger Kepa Diegez said…

    Aupa, Pello!
    Bai, berba ederra, eramaittu! Bai, Candido Izagirreren liburutik hartuta zaukaat, nik ez diat sekula entzun, ordea! Nondik etor liteke, susmorik?
    Mila esker, Pello!!

     
  • At 15:18, Blogger Erramun Gerrikagoitia said…

    Hontara amaitu duzu Kepa "Zenbat-nahi hitz egin ditu bere (euskarak), mendeak joan, mendeak etorri."

    Eta arrazoiz diozu hori Kepa baina ikusirik gaur egungo hiztegiak (.....) ba dirudi ze txartzat hartzen da hori "kapazitate" adsorvente eta mimetiko (kamaleoniko) salvagarri evolutivo hori. Dirudi stop eman eta ezarri nahi zaio horri kapazitate egokitzailea hon euskara edo beste edozein hizkuntza edo ente bizidun. Ez al da holan?

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------