EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/04/24

Gibel egiok ekaitzari, bular aldi onari !

“http://fc.martinthouny.free.fr/peintre/collection/orage.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
Pasa den ostiraleko ekaitzaldia nolabait iragarrita bazegoen ere, aho bete hortz utzi gintuen, zurtz egiteraino. Inortxok ere ez zuen halakorik espero, ezta meteorologoek ere. Zer gertatzen da eguratsean? Sarrita aipatu ohi den bero-mataza hori, zerk sortarazi du? Han-hemenkako komentarioek ildo beretik jo dute: "Hi, ikusi dok zelako ekatxa?". Mardul-mardul bota zuen eta gainera larunbat goizaldean Nafarroako barrualdean zenbait tokitan uholde eta guzti. Betiko legez ekaitzaren ostean barealdia etorri zaigu, baina, kontuz! Atsotitzak argi eta garbi adierazten digu: apirila ekaitz hila. Horrelako ekaitzei jarraitzea egun Euskalmet-ek Kapildui mendian ipinitako radar meteorologikoari esker erraz egin daiteke. Ostiralekoa ezin hobeto jarraitu ahal izan genuen beraren bitartez. Bizkaiko kostaldean antzarrei adi eta beha ibiliko ziren ekaitza noiz helduko. Izan ere, antzarrak agertzen dienien (edo datozenien), denporalie (edo ekatxa) dator. Eta Mari, zer? Ai, ai, ai! Ostirala izanda bere bikotekidearekin, Sugaar, bat egin nahian zebilen eta Kantabriaraino joan zitzaion bila eta gero Nafarroa aldera ekarri, Euskal Herria mendebaldetik ekialderaino zeharkaturik. Nik neuk, bahintzat, azalpen horixe ematen diet umeei. Zentzuzkoena da, ezta? Inoiz estatistikaren bat egin behar genuke ea zenbat aldiz jotzen duen ortziak ostiraletan. Seguru asko makina bat. Gure arbasoek zeharo garbi zuten: barikuan izaten dira ekaitzak, Mariren erruz! Nolanahi ere, aro txarrari aurpegi ona edo euskara jatorrean aro txarrari, bular edo izenburuko atsotitza, gibel egiok ekaitzari, bular aldi onari!

5 Comments:

  • At 08:48, Anonymous Anonimoa said…

    Apirilari esaera dezente erantsi zaizkio, denak ere gaizto kolorekoak. Baina, urte banatako apiril bakoitza nahiko diferentea suerta ohi da. Aurtengoak ere baditu berezko ekarriak. Natura martxa motelean zetorren neguko hotz haien ondoriotan. Gero, lurra epeldu ahala, bizkortzen hasi zen: baina ez landare guztietan. Zuhaitzen osto-jantzia orokor samarrean dator: eta agudo antzean. Beste urteetakoa baino bixkorrago igotzen ari da altura mailari dagokionez: "Apirilaren azkenean, ostoa haitz gainean" diote Oñati inguruan. Elgeako kijote-haizerrotek eraginda edo, ostoa haruntza iristen ari da aurten maldan gora, mila eta 100 metrotaraino, bixkor benetan. Beste mendi bizkarretan, aldiz, atzera dabil. Hemen Arantzazun, 1918an, Arantzazuko Ama Birjina koroatu zutenekoan, jendetza handia zelako, elizan ezin kabitu eta, trokarte honetako aurreko pendizean eman zuten meza (auskalo nola ibili ziren haruntzaino aldare mahaia eta gainerakoak eramateko, eta mikrofonorik gabe, jakina! Orduko eztarriak bai, eta ez gaurko txilibitu ahulak...). Bada, ordukoaren akorduan, bi pago landatu zituzten eta hantxe daude mardul askoak. Bata, bestea baino bost-sei egun lehenago janzten da ostoz, urtero urtero halaxe. Akorduan dut, apirilaren lehen aste inguruan izan ohi dela. Aurten, ordea, egunotan ari da janzten bata, eta besteak erantzita dirau. Elgea bizkarrekoak ez bezala, haiek bixkor jantziak, haurk biak, nagi ta motel dabiltz.
    Apiril bakoitza, beraz, bere tankerako. Beste kontu bat. Atzo goizean kukuen peskizan irten nintzen. Baita entzun ere bederatzi hegazti izkutu horietakoei. Hiru kantaerak gozatu ahal izan nituen: bat bakarra ohiko tonu ta erdikoa; hiru, tonu bakarrekoak; eta bost, bi tonurekikoak.
    Baina, harritu ninduena, beste kontu hauxe (tentuz, Tomax): iraileko barruti-belazetako txanpinoiak, nola? Bada, dozenerdi bat mardul mardulak topatu nituen. Ez nintzen fido, eta ez nituen jaso: txortena mamorro eta hartxoz jana eta xulatua zuten, gaineko teilatutxoa garbi eta dotorea bazuten ere... eta, harrigarriagoa, 'lanperna' bat topatu nuen ttentte-ttentte, gaxte nerabea... Hau ezin utzi izan nuen han, eta emeki ekarri nuen etxera...
    pellozabala

     
  • At 20:57, Anonymous Anonimoa said…

    Kepa: joan den ostiraleko danbarrak eta argiak Udaberria iristeagatiko ospakizunak ziren. Apirilak 21, udaberri. Nik sagardotegian ospatu nuen, eta Iber-drôle horri esker (oso ona, Kepa) era ezin erromantikoagoan, kupelera hurbiltzean mutikoak linternarekin egiten zigun argi.

    Pello: goimendietan pagoen berde berriari erreparaka zaudeten bitartean, behe hauetan arkazien zuria miresten ari gara. Hori erlearen zoriona, eguzkiak sudurra agertuko balu!

    Tomax.

     
  • At 21:42, Blogger Kepa Diegez said…

    Pello, a zelako zortea goietan bizitzeagatik! Ni, ostera, itsasoaren mailaren gaineko 14 metrora bizi nauk..., beraz, egik kontu!
    Tomax: Kauen zotz, egia da! Gure "Udaberria" 21ean hastekoa zen eta hemen ez dugu ezer aipatu. Barkaezina. Hurrengo urtean ahaztuko ez ahal zaigu!!

     
  • At 09:01, Anonymous Anonimoa said…

    Atzo San Markos, sanmark edo xamark... Esaera zaharretan egunik jantzienetakoa. Artoa ereiteko irrika udaberri garbi ongi hornituarekikoarekin batera nahasten ziren hemen: sarritan, nahi eta ezin, hortxe ziharduten gure aurreko gajo haiek.
    "Arantza beltza ago zabal, arto lurrek ago zabal",
    "Arantza zurie loran dago, arto egiten giro dago",
    "Elorritxue loran dago, artua ereiten giro dago".
    "Elorria loran dago, mirua loka dago, artoa ereiteko a zer sasoia dagon!",
    "Miru zurixa etorri da ta, artua ereiten hasi biheko dogu!"
    Hauek denak sasoiari nola erreparatzen zioten agertzen digute: batzuk landareei, elorri beltz nahiz zuri, besteek miru arre nahiz miru-zurixari... etortzen baitira hauek ere Maroko aldeko mendietatik gureetara hemen lokatu eta kumak ateratzera; Nafarro aldera ia guztiz zuriak, hona Arantzazura zuri-beltzak, hegalari finak, hemengo saiak baino askoz zaluago eta axkarragoak...
    Baina, artoa ereiteko presa-nahia-grina ta ezina, beti ere eguraldiak behartuta sarriegi sentitzen zutena, beste honako erranairu honek agertzen du egoki ta preziso: "San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; San Markos, ai artoak eginda balegoz!" Ze tarte dago bada, Jurgitik Maskosera? Jurgi, diada eta guzti, 23an izan, eta Markos, 25ean...! Artoak egiteko gutxitxo. Baina, hor sortzen ziren gure laborarien estuasunak: udaberriko egun lanerakoak bazihoazela ikustean, eta lurra ez zegoela pronto, edo ez zuelako behar beste lehortzen, edo goldatuta gero ere, ez zuelako area edo nafar-are 'karramarroa' soroan sartzeko betarik ematen... busti orduak ugariago izaten baitira askotan sasoi honetan, eguzkitsu eta lehorrak baino, eta ezin maneiatu lurra: Por san Marcos, por el suelo hay charcos, ziotsaten Gaztelatik.
    Nolakoa joan da san Markos eguna? "San Mark egunean euria bada, berrogei egunez guti edo gehiago euria eginen du", hala ziotsaten Baxenabarre aldean. Euririk apenas, lanbro apur bat mendietan, baina egun iluna, lainateria mendietan lapatuta iraun zuelako, ipar ahulak ez baikaitu utzi nahi. "San Markos aurreti odoiak yotzen badu, urte ura arto-urte ona"... balioko ote du artotarako joan den ostiraleko odoiak? Aprobetxatu zuten batzuen-batzuk sagardotegiyan ederkiasko, e, Kepa?
    pellozabala

     
  • At 11:44, Anonymous Anonimoa said…

    San Markos pasa zen, babarrunak -babak, indabak, ilarrak- oraindik erein gabe, hilberria gainean... Gaur-biharretan kanbiatzen ez badu, ilgoran erein beharko.

    Tomax.

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------