EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/12/21

Negua hasi da

http://www.maestrasandra.it/immagini1/arcimboldo-winter.jpg

Finalaren osteko Andoni Egañatsu eta Eguberrien aurreko tarteko aste honetan negua hasi zaigu ohartzeke. Bai "ofizialki", bai Tomaxek eta EtnoMet-ek bere egindako sailkapenean negua izendapena gailentzen da. Ez dugu beste izenik aurkitu neguari deitzeko, negua, baizik ez. Neguak, hain zuzen ere, eta udak jatorrizko bi urtaroak ematen dute. Antzina horrelaxe banatzen omen zuten euskaldunek urtea, uda eta negua. Gerora, ondoko kulturen eraginez, beste bi urtesasoi sortarazteko beharra sortu bide zen euskaldunen artean eta horregatik askoz ere izendapen gehiago dauzkate. Ezezaguna dela-eta, dudak eta zalantzak, eta eskualde edo euskalki bakoitzak era askotara ikusi zituen udazkena eta udaberria.
Bestalde, negua badirudi hiru alditan bereizten dela: hasiera, bihotza eta amaiera. Hori adierazteko hauxe aurkitu dugu han-hemenka Azkueren hiztegian:

Neguaren hasiera

negu-aurren : G-Andoain. (Azkue). Hiztegia.
negu-lehen; negu-lein : Goi-Nafarrera / L-Ainhoa / N-Zaraitzu / N-Erronkari. (Azkue). Hiztegia.

Neguaren bihotza

negu-biotz : N-Baztan / N-Zaraitzu/ N-Erronkari / Zuberera. (Azkue). Hiztegia.
negu-min : N-Baztan / N-Zaraitzu / L-Ainhoa / N-Erronkari. (Azkue). Hiztegia.
negu gerri : Negu gerri-gerrian (negu gorrian). B-Lekeitio. (Azkue). Hiztegia.

Neguaren amaiera

neguazken
: N-Baztan / N-Zaraitzu / G-Andoain /Lapurtera / N-Erronkari. (Azkue). Hiztegia.


2 Comments:

  • At 10:06, Anonymous Anonimoa said…

    "Negumina" egiten zait gustukoen. Eta egunotako eguraldiarentzako aproposa gainera.

    Beste askotan bezala, gaurkoan ere ez daukat aportazioan eskaintzeko beste hitzik. Baina artea asko gustatzen zaizunez, eta Arcimboldo-ren irudi polit hori eskaini diguzula ikusita, beste irudi pare batekiko loturak ipintzen dizkizut hemen.

    Bada blog bat frantsesez izena "Lunettes Rouges" izena duena eta seguru asko gustatuko zaizuna. Joan den astean egileak aipatu zituen Arcimboldoren bi irudi, berari harrigarriak egin zitzaizkionak. Niri ere hala egiten zaizkit.

    Bata da "Eva sagarrari koska egiten", erotismo zoragarriz gainezka, zuk erakutsi diguzun koadroan naturako puskak bezala (fruituak, landareak, eta beste) hemen emakumearen aurpegia larrutan ari diren jendeez osatuta dago.
    http://lunettesrouges.blog.lemonde.fr/.shared/image.html?/photos/uncategorized/eveandapple_arcimboldo.jpg

    Bigarrena "Bibliotekarioa" da, hau bat ikusgarria: badu abstrakziotik, badu kubismotik, badu surrealismotik. "Lunettes Rouges"en egileak berak "paléo-surréaliste" deitzen dio.
    http://lunettesrouges.blog.lemonde.fr/.shared/image.html?/photos/uncategorized/librarian_arcimboldo.jpg

    Hain tekno-traketsa izan ez banintz -teknofoboa ez naiz, buruak ez dit ematen gehiagotarako- link horiek irudi ipiniko nizkizun. Zeuk egiten baduzu, politago geratuko da post hau.

    Horiek dituzu nire opariak, egiten duzun lanarekiko esker onez. Eguberri on.

    Tomax.

     
  • At 17:24, Blogger Kepa Diegez said…

    Mila esker, Tomax, zeure ekarpenagatik eta segi bizkor! Egia esan, Arcimboldoren koadroak harrigarri interesgarriak dira. Eguberri on, baita zuri ere!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------