EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/12/01

Illula hasi da

“http://www.elmspuzzles.com/gallery/Bohlmann/Venetian%20Dream.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
"Venetian dream"

Hemen behinola ezarritako azturari jarraiki, hilabete bakoitzaren hasieran Euskal Herriko zoko-mokoetan erabiltzen diren -erabili izan diren- hilabete-izendapenak ditugu aztergai. Latinetiko abendua gailendu bazaigu ere, enparauak ez dira gaitzestekoak, ezta hurrik eman ere! Loari buruzkoak zoragarriak dira. Zenbait multzo bereiztuko nituzke:

1. abenduari loturikoak: abendo, abendu, bigarren abendu, abentu txiker
2.
beltzil
3.
gabonil
4. hotzaro

5.
loari loturikoak: Illul ?, loill, lotazil
6.
neguari loturikoak: negil, neguil, neguril

Getxo aldean zorriprestuentzako auzo berria sortu zenean, Azkueri galdetu omen zioten nola deitu eta berak Neguri proposatu zuen. Xabier Kintanak urte batzuk geroago esan omen zuen hobe izango zela Azkueren beraren bigarren abizena ipini izana, Aberasturi, alegia. Badakit neguril-ek eta Negurik ez daukatela zer ikusirik, baina aukeran ez Neguri, ez Aberasturi, Beltzuri baizik.


abendo
: Beljika'ko errege, Leopoldo II garrena... hil da, 1909'ko lotazil edo abendoaren 17'an. Prop.1911, 5. Ederrak eta emazte ederrak ez dute etxaldea altxatzen. Elissalde. Prov 1.
abendu
: Neguila edo lotazila edo beltzila edo otzaroa edo abendua. Egunaria.1870.
bigarren abendu
:Behe-Nafarrera. Azkue. Hiztegia.
abentu txiker
: Erronkariera. Bernardo Estornes Lasa. Erronkariko uskararen hiztegia.
beltzil
: Abendoari erraiten diote han hemenka neguila, lotazila, beltzila edo hotzaroa. Gure Almanaka, 1951, 8 or.
gabonil
: Juan Antonio Mogel Eibar'en jaio zen 1745'gn urteko ondarraldian noski, Gabonillaren 6'an bataiatu baitzuten. J. Etxaide. Amasei seme, 139 or.
hotzaro
: Abendoari erraiten diote han-hemenka negila, lotazilla, beltzila edo hotzaroa. Gure Almanaka, 1951, 8 or.
otzaro :
“Izan ere ondo otz denbora da. Il ontan asten dira lenengo elurteak”. Arantzazu Egutegia.
Illul
: B-Getxo. Azkue. Hiztegia
loill
: Lhande. Hiztegia.
lotazil
: Beljikako errege, Leopold IIgarrena... hil da, 1909ko lotazil edo abendoaren 17an. Fedearen propagacionea 1911, 5 or.
negil
: Lhande. Hiztegia.
neguil
: Lhande. Hiztegia.
neguril
: Neguril: argi asko itzak berakdionez, lenengoa da-ta. Arantzazuko Egutegia.

2 Comments:

  • At 10:46, Anonymous Anonimoa said…

    Hilero bezala, oso politak ekarri dituzun izenak. Honela, aitaren batean aukeratzekotan, nire botoa "lotazil" sujerentearen alde.

    Bueno, eta paregabekoa iruditu zait "zorriprestu" hori. Ez Harluxeten liburusail potoloan, ez Elhuyarren hiztegian, ez Euskaltermen... 3000 Hiztegian, hor bai. "Nuevo rico" ipintzen dute hor gaztelerazko baliokide. Hala ere, Googlen aurkitu dut dokumentu polit batean hitz hori bera dakarrena, Jose Angel Achon Insaustik idatzitako "Lazkaoko historia" delakoan:

    "Zailago gertatuko litzaioke pentsatzea Olaberriako bikarioak berak egingo ziola aurre sutsuenik 1804an burutu zuten prozesu honi, bere herriko “zorriprestu”, “beti-kalte” edo “marques de repente”tzat jotzen
    dituenen aurka (ikus 2. eta 3. dokumentuak)".

    Neguri, zorriprestu, markes derrepente... Lotazila ere horiek uztail.

    Tomax.

     
  • At 12:53, Blogger Kepa Diegez said…

    Harritu egiten nau "zorriprestu" hiztegietan ez agertzeak, beno, 3000 hiztegian, bai, izan ere, egileak bizkaitarrak direnez... Guretzat arrunta da eta sarri entzuten dut. Zurekin bat nator, "lo"-ari loturikoak, a ze politak! Eta bereziki, "lotazil".Bukaerako "-azil" zer ote da? azaroa?

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------