EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/12/13

Euri zirtzila


Atzo gauean aspaldiko partez euri langarra hasi eta atertu gabe ekin dio egun osoan. Euri xehe ikusgaitz horrek bazter guztiak zipriztindu eta oro da heze eta umel. Euskaldunok ezin konta ahal irudi eta metafora bide dauzkagu euriaren mehetasuna adierazteko. Beraietariko bat, ezagunena -gaztelaniak mailegatu duena- zirimiri da. Baina horretaz gain, gure adimenak hamaika sortu ditu mendeak joan, mendeak etorri. Esate baterako euri zirtzila eta beronen aldaerak. Kasu honetan euria eta arropa edo garrantzirik gabeko gauzak alderatzen dira, hau da, arropa urratua, zarpaila eta hodeietatik erortzen den euri mota. Hodeiei zirtzila darie. Zoragarria konparazioa! Jasotako datuen arabera, Euskal Herriko ekialdean erabiltzen da, antza.

euri zirtzil: Mujika. Hiztegia.
euri zirtzir: L-Hazparne.
euri zirtzirika: BN-Arnegi.
euri zirzil: (Azkue). Hiztegia.

euri-zirzira
: BN-Hazparne. Euri-zirzira ari da. (Azkue). Hiztegia.
euri-zirzirika
: BN-Uharte-Garazi.
uritxirtxira: L-Donibane Lohizune.
urixirlintxa: L-Azkaine.
uri-xirtxira: Lapurtera. (Harriet). Hiztegia.

zerzera
: N-Erronkari. J.M. Iribarren. Vocabulario Navarro. Adicciones.
zirtzira
: L-Ainhoa. (Azkue). Hiztegia.
zirzirra: N-Uztarrotze. (Azkue). Hiztegia.

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------