EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/09/05

Eulbera

“http://www.paulbrady.com/img/gallery/large/rain%20on%20Uluru%202.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
Rain on Uluru

Oraintxe bertan salako leihotik begira nagoela eguzki ederra ikusten badut ere, eguraldi traketsa iragarri digute egunotarako. Petralduko omen du. Irrikan nago, ze egia esan pasa den astean egun batzuetan egondako beroa ez da nolanahikoa izan, ez horixe! Goizeon Bilbo aldean, behintzat, euri langar apur bat bota du eta gero garbitzera jo du. Lehorteen osteko euri onuragarria izendatzeko euskara, besteak beste, eulbera berbaz baliatzen da, euri gozoa, beharrezkoa, larreak eta landak gogotik bustitzen dituena. Etorriko ahal zaigu! Aipamena hementxe datorkizue:

eulbera:1. B-Ipazter, Markina, G-Arrasate. San Pedroetako eulberak, bai gozoak. Azkue. Hiztegia.2.. Pozik hartzen da honelako eulbera. Labayru Hiztegia.

2 Comments:

  • At 16:53, Anonymous Anonimoa said…

    Euri hitzaren eul- erroak hitz politak eman izan ditu zuk aipagai duzun 'eulbera' hitzaz gainera: eulegun (euri eguna), eulase (euri ase), eulantz (euri xehe-xehea), eulondo (euriaren ondorengoa), eulgiro (euri giroa)…
    Hitz berriak ere sor daitezke hortik abiaturik, baina 'euli' hrubilegi dago eta… Gainera, uda partean, euri sarriaren ondoren euliak ere ez dira ugaritzen?
    Anjel

     
  • At 17:16, Blogger Kepa Diegez said…

    Lehenengo eta behin, eskerrik asko zeure iruzkinagatik.
    Bai, aipatzen dituzun gehienak ezagutzen ditut. Badirudi euskaraz -ri edo ra-z amaituriko hitzek elkarketetan -l ematen zutela. Ezagun da, "afal-", "euskal-"... Bikoteak ere badira: ugaldu / ugaritu. Eta eztabaidarik sortu izan da hitz berriak sortzerakoan: oparitu, baina ez *opaldu. Bestalde, arrazoi duzu, jatorra bada ere, "eul-" euli-tik hurregi dago. Hala ere, tradiziozko hitzak, zeuk aipatzen dituzunak, bultzatu egingo nituzke.

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------