EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/01/13

Igarregunak

Kultura askotan urte barruan nolako eguraldia izango den asmatzeko egunak izaten dira, hau da, halako egunetan halako aroa egonez gero, hilabete horretan horrelako eguraldia izango da. Adibidez, urtarrilaren 2an euria bada, otsaila (2. hilabetea) euritsua izango da. Euskaraz badira zenbait izendapen eta hilabete:

1. Urtarrilaren lehenengo hamabi egunak: Igarregunak, Sortelegunak eta Zotalegunak.
Lafittek, Gure Herria aldizkarian hauxe zioen 1969an:

Gure arbasoek uste zuten urtarrileko hamabi lehen egunak zotalak zirela, hots, bakotxak aintzinetik salatzen zuela nolako aroa izanen zen berari zoakon ilabetean.

2. Otsailaren lehenengo hamabi egunak: Xino.

Zaraitzun erderatiko ele auxe daukate orretarako: xino (signo). Izotzilaren lenbiziko amabi egunak urtearen amabi ilabeteen xinoak tzu (dituzu). Azkue. Euskalerriaren Jakintza III, 209.

3. Abuztuaren lehenengo hamabi egunak: Zotalegunak.

N-Baztan. Zotal egunetan siƱeste aundie dugu. M. Izeta. Baztango Hiztegia.

4. Abuztuaren lehenengo hogeita lau egunak: Ilegunak.

Igarregun ordez ilegun esaten dan tokietan ogei ta lau dirala uste dute, agorrilaren lenengo ogei ta laurak: lenengo ta amairugarrenak urtarrileko eguraldia iragarten dutela, bigarren ta amalaugarrenak otsaila.. eta onelaxe beste egunak ere. Azkue. Euskalerriaren Jakintza IV, 209.

Urtarrilaren lehendabiziko 12 egunak euri gutxiko eta hotz samarrak izan dira. Horrelakoa izango da 2005. urtea?


 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------